Urteak dira ez dela trenik geratzen herriko geltokian, baina bertako eserlekuak jendez beterik daude. Elkarrizketa lasaian daude batzuk, besteak errepidera begira, ez dirudi geltoki abandonatu bat. Ongi etorri Aracatacara!
Tren soinua entzuten da bapatean, errepideko barrerak jeisten dira, trena dator. Ondoko herriko minatik ikatza darama Santa Martako portura. Bertatik mundu guztira banatuko dute mineral beltza. Bi lokomotoreen artean ehundik gora bagoi daramazkite. Minutuak irauten ditu ikuskizunak eta bankuetan eserita dagoen jendea isiltzen da. Trenaren soinua herritik zabaltzen da une luze batez inguruko jaun eta jabe bihurturik. Trena geltokitik urruntzen da eta gu ere bai, herriko plazaruntz.
Euria hasi du eta lasai zeuden kaleak berpizten doaz. Umeak etxeetatik ateratzen dira eta putzuetan jolasten, lagunen bila doaz. Hankutsik doaz denak, herriko kaleen okupazioa ikusi daiteke poliki-poliki. Ur putzuak non, umeak bertan saltoka edo futbolean jolasten. Aquapark erraldoi bat bilakatu da herria. Gidari begiratu diot eta umeek emandako inbidiari eutsi ezinik gure bixitarekin jarraitzeko eskatu diot. Minutu bat nahikoa da goitik behera blai egoteko. Irrifarra ahoan dudala herriko plazara iritsi gara. Herriko jaiak dirudite. Ehundaka ume plazan. Beraien unea da, helduak aterpeetan babesturik dauden bitartean aske dira nahi dutena egiteko. Hirukote batek nire atentzioa bereganatu du, etxeko kanaloi baten irteera bizkarrarekin oztopatzen dute ahal duten bitartean eta uraren indarrak beraiena garaitzen duenean alboratzen dira. Besteak frentean itxaroten dute eta laguna kentzen denean ur txorrotak bete betean jotzen die, atzeraka boteaz. Behin eta berriz errepikatzen dute jolasa eta gidarekin nagoelako ez dut parte hartzen nik ere. Herriko plazatik bagoaz, telegrafoaren etxera. Gaboren aitak bertan egin zuen lan eta gaur egun museo txiki batean bilakatu dute. Euriaren erruz itxirik dago baina gidak atzeko atetik sartu gaitu. Barruan bakarrik gaudenez lekuaren zentimetro bakoitza irensteko aukera dut. Gaboren liburu batzuk, bere aitaren eta aitonaren argazkiak, ... Hemen kontatzen dit gidak "Amor en tiempos del colera" liburua Gaboren aitona eta amonaren ixtorioa dela. Berriketan jarraitzen dugu denbora luzez kanpoan euriak jarraitzen duen bitartean. Gaboren familiko kontuak... Herri txikietan ez dago sekreturik. Gaboren irakaslearen etxea, gaboren elizako abenturak,... Plazarako bidean eskola bat gurutzatu dugu, "Gabok hemen ikasi zuen 9 urte harte. Herritik familia joan zen arte. Garai haietan Montessori eskola bat zen".
Belgikar artista bat etorri zen herrira duela urte batzuk eta bere aportazioa egin zion herriari. Melquiades ijitoaren hilobia egin zuen, bi aldiz hil zen pertsonaia ezagunak ez zuen gutxiago merezi. Hilobia bixitatu ondoren herriko beste etxe historiko batzuk ikusten ditugu eta amaierarako uzten dugu Gabrielen haurtzarokoa. Etxearen magiak liluraturik bakarrik sartu nahi dudala esan diot gidari eta atean agurtu gara.
Eta azkenik Garcia Marquez handiaren etxea... Duela urte batzuk osorik berria egin zuten museo bilakatzeko baina oraindik energia nabari da bertan. Gaboren omenez ipuin moduan idatzi nahi nuen kronika hau baina ez dudala lortu uste dut. Gaborekin amestu dugun guztiontzat besarkadak Macondotik
09/05/2017
Argazki guztiak internetetik hartu ditut. Egun magikoa osorik sentitzeko ez nuen mobila eraman.
PD: Makondoko hiru harritxo dauzkat motxilan zuentzako. Testu honi iruzkina egiten dioten lehen hirurentzako. Zer da zuentzako Gabo irakurtzea? Hor erantzun beharreko galdera. Nire erantzuna: Egitaz bizi banitu bezala gogoratzen ditut bere liburuak, nire iragan bilakatu dira pertsonaien bizipenak. Horixe da niretzat bere magia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina