2016(e)ko azaroaren 30(a), asteazkena

eta azkenik, Asuncion!

kaixo denoi!
Denbora azkarregi pasatzen zait, berriz astebete idatzi gabe. Nire asmoa 3-4 egunetik behin idaztea da baina enteratu gabe pasatzen zaizkit egunak; eta asteak eta hilabeteak, dagoeneko bi hilabete eta aste bat zuengandik milaka olatuetara eta gu kostarik gabeko herrialde batean. Ezin zuen kresalezko besarkadak sentitu.
Beno...
Paraguay amaitzera doa, 15 eguneko bidaia ia bost astekoa bilakatu da, dagoeneko Asuncionen gaude, hiriburuan. Ez genuen hemen gaurik pasatzeko asmorik baina herrialdea ia osorik ikusi ondoren ezin genuen ikusi gabe joan. Concepcion hirian hiru gau pasa ondoren iritsi gara. Oso gustora egon gara iparraldean eta dirudienez berora aklimatatzen ari gara. Eguerdian kalean egotea lortu dugu. trukoa bertakoei kopiatzea izan da. Tererea edaten hasi gara. Tererea mate hotza da. Argentinan eta Uruguayen ez bezala hemen ur hizoztuarekin edaten dute. Encarnacionen erosi genuen kit osoa(wanpa eta bonbila). Mate beroarekin ur litro bat edaten bada normalean, tererearekin 3 litro edan daitezke.
Concepcioneko hospedajekoak iristerakoan Itsasneri esan zioten 100% euskaldun pintak zazkala. Hemen ere Vaya Semanitaren fanak daude.
Hiriburuan Airbnb bidez lortu dugun etxe batean gaude. Sukaldatzeko beharra genuen eta etxe bat hartu dugu. Etxe xelebrea da. Zazpi bizi dira, Baionako neska bat, lau frantses eta bi Paraguayo. Etxea erraldoia da, pistina ta guzti dauka. Amelie (Baionarra) da gure kontaktua eta aste honetan bera eta bikote paraguayarra bakarrik daude. Besteak Chacon daude lanean bi asterako. Etxea erdi hutsik ez bazen nahiko luxua, Amelie gaur iparraldera itzultzen da. Bihar bertako bikotearekin geratzen gara bakarrik, 7tik 2. Euskaldunak ginelako onartu zigula aitortu zigun Ameliek iritsi ginenean, bera ez zenez egongo ez zuela inor bertan utzi nahi. Berez ostegunean ginen joatekoak hemendik baina etxea hutsik dagoenez dohainik beste gau batzuk geratu gaitezkela esan zigun asteartean eta guk onartu. Argentinara itzultzeko data definitiboa abenduak 2a, Saltara goaz. Iparraldean, Bolibia inguruan.

Gaur Acahay herrian izan gara, bertako familiari bixita sorpresa egin diogu. Elkarrekin bazkaldu eta berriz hiriburura.

Asuncionen ez dago ikusteko ia ezer eta kalean buelta batzuk eman ondoren kultur etxera joan ginen, ea erakusketaren bat harrapatzen genuen. Bi erakusketa, arpari buruzko museoa eta aurkezpen bat. Aurkezpena genero indarkeriari buruzko ikerketa baten emaitzak. « Lan munduan maskulinitatearen ondorioak genero indarkerian». Gustora egon ginen entzuten eta espero baino jende gehiago geunden. Esperantza pixkat badago hemen. Kaletik abortoaren aldeko pintadak ikusi ditugu. Astelen goizean palacio legislativo aurrean hidroelektrikako sindikatuek greba egin zuten eta nola ez, beraiekin egon ginen. Argazkian ikusi dezakezue poliziak nola babesten zuen eraikina.
Abuztuan Asuncioneko erdi aldeko kaleetan mural erraldoi poli politak egin zituzten, Latido americano jaialdian. Batzuen argazkiak igotzen ditut, batean ikusiko duzue hemengo kableatuaren magia.
Uste dut ia dena kontatu dudala, baina ziur zeozer falta dela. Ahaztu zaizkidanak zuek bete beharko dituzue nahi bezala, bidai honetan, bakoitzak berea osatu dezake.
Gabon eta besarkadak!

2016(e)ko azaroaren 22(a), asteartea

Zertan zabiltzate hemendik?

Egunero-egunero egiten digute galdera hau. Paraguayoak ez dute turistarik espero, ez dute beraien herrian ezer interesanterik ikusten. Ia ez dugu informazioarik herrialdeari buruz baina oso gustora gabiltza. Herriz aldatzean ez dakigu zer aurkituko dugun hurrengoan eta horregatik lo egiteko lekuan beti berdina esaten dugu: "gau bat geratuko gara eta herria gustatzen bazaigu gehiago".

Encarnacionen ere horrela ibili gara. Azkenean astea pasa dugu bertan. Asteazkenean mugitu ginen. Villarricara joateko asmoz baina bertako couch-ak beste "okupa" bat zeukan eta astebukaeran iristeko gomendatu zigun. Bidean gau pare bat pasatzea erabaki genuen. Lehen gaua Yuty-n igaro genuen. Herri txiki eta tipikoa. Paraguayko zaharrenetakoa (1600 inguruan sortua). Bere garaian indarra edukiko zuen baina gaur egun ez dauka ezta karretera asfaltaturik iristeko. Euria egiten duenean bus zerbitzurik ez dago.
Bertan bizitu genuen une feministak emozionatu gintuen. Parkean geunden afaltzen eta herriko mutilen futbol partidua ikusten. Mutil gehiago zeuden jolasteko zain. Hemengo herrietan ez dago beste ezer egiteko eta atxalde-gau partean parkean biltzen dira ia denak. Ba hortxe geunden partidua ikusten eta amaitu zenean neska kuadrila batek hartu zuen zelaia eta jolasteko zain zeuden mutilak tonto aurpegiz eta pixkat moskeatuak geratu ziren. Beraien txanda zen eta jolastera etorri ziren. Eskubaloi partida bat jolastu zuten eta martxa. GARAIPEN txikia baina garaipena azken finean. Gizonen lurraldean sartu ziren eta beraien lekua aldarrikatu eta lortu zuten. Zorionak nexkak!
Bertan pentsio familiar batean egin genuen lo, earra, argazkia gure gelakoa da.
Hurrengo goizean lainotua zegoen zerua eta euria hastear, bidea lokaztuko zelakoan goizean bidaiatu genuen Caazapara. Probintziako hiriburua delako geratu ginen baina ez dago ezer bertan.
Ostiralean iritsi ginen Villarricara eta Luisen zai egon ginan. Anestesista da eta lana bukatzean etorriko zela gure bila, kirofanotik watxapeatu zigun, mobilan oso adiktuak dira hemen. BMW batean agertu zen, ke nibel. Bere etxera joan ginen eta beste couchsurferra oraindik bertan zebilen eta lurrean egin dugu lo hiru gauez. Oso ondo zaindu gaituzte Luis eta bere emazte Marciak. Hemengo beste errealitate bat ezagutu dugu. Aberatsen mundua. Luis 2. Mailako futbol talde bateko presidentea da. Igandean Marciaren gurasoekin bazkaldu genuen eta pikatzeko txorizoarekin, Jaguahu (txakur beltza) edaria atera zuten. Sorpresa Kalimotxoa zen. Earra! Guk patata tortila egin genuen bazkarirako eta kostata baina exitoa eduki zuen. Pila bat kostatzen zaie gauza berriak probatzea. Arratsaldean Marciaren amaren pelukerira joan ginen eta Marciak ilea moztu zigun bioi. Berriz kazkamotz gaude.
Luisek hemengo korrupzioaren berri eman digu eta oso lotsagarria da egoera. Harrigarriena, gobernuan dagoen Partido Coloradoko afiliatua dela bera ere. Hiru egunetan ezer onik esan ez duen arren beraiei buruz. Wikipediaren arabera bozka daukaten pertsonen 50% baino gehiago dago afiliatua partidoari eta horregatik beti berdinak irabazten du. Eskuindarrak eta kontserbadoreak dira. Hemen zeozer lortu nahi baduzu afiliatua izan behar duzu, dena izenez doa eta hori mundu guztiak daki. Afiliatu edo kanpora joan ez dago beste aukerarik. Oposaketak ere tongo hutsak dira. Hori dena penagarria da baina hauteskundetako bigarren aukera indartsuena ultra eskuina izateak borobiltzen du. Garai batean hegoamerikako herrialderik garatuena zena, hiltzen ari da urtero eta dena herriaren ignorantziagatik. Horrek gogorazten dit hemengo aurrek jasotzen duten ikasketa eskasa. Egunean 4 ordu bakarrik daude eskolan. 11tarako lIbre daude. Horrela ezin da herria salbatu.
Encarnacion osoan liburu denda bakarra ikusi genuen eta kuriosidadez sartu ginen. 50 liburu ere ez zeuzken. Hemen ez da ezer irakurtzen. Orain hasi omen da pixkat aldatzen, ea egia den.  Gure babesa emateko liburu bat erosi genion. Luis de la Vega kazetari paraguayarrak idatzitako saiakera-ikerketa:Heridas del labrador. Realidades politicas y economicas del Paraguay contemporaneo. Gozatzen ari naiz. Pena hemengoek ez dutela irakurriko. Poztekoa norbaitek idatzi izana eta argiraratu ahal izatea. Esperantza pixkat nonbait...
Villarrican antzerkira joan ginen. Kultur etxeak antolatua eta dohainik. Triple alianzako gerra ondorengo emakume presoen historia. Ez zitzaigun gehiegi gustatu.
Atzo, astelehena, bikotearekin bazkaldu eta Coronel Oviedo hirira mugitu ginen. Hemen gau bat nahikoa genuen baina hiru igaroko ditugu. SLOW PARAGUAY egiten ari gara. Etzi iparraldera joateko asmoa dugu, Concepcionera. Ea zer moduz beroarekin.
Lehenego argazkian Encarnacioneko Qi beganoan erositako Parmesano beganoa jateb ari naiz. Oso oso goxua. 3 otordu bakarrik iraun zigun. Dimension begana web orriko errezeta omen da.
Besarkadak denontzat eta mila mx komentarioak uzten dituzuenontzat, kriston ilusioa egiten duela jakin ezazue.

2016(e)ko azaroaren 14(a), astelehena

Encarnacion

Kaixo denoi!
Encarnacion hirian jarraitzen dugu. Dagoeneko 6 egun daramazkigu hemen eta gustora gaude. Hotel merke bat aurkitu dugu eta sukalderik ez daukagunez egunero kanpoan jaten ari gara. Pizza, kebab (falafela dago), enpanadak (12 enpanada 2€), ... Ostiralean begano batean bazkaldu genuen. "Qi, Hogar Vegano" kartel bat daukate etxeko sarreran. Jatetxe bat irekitzeko asmoa daukaten bikote bat dira eta dirua lortu bitartean beraien etxean preparatzen dute janaria eta ondoren bakoitzak berea ematen du. Eskaerak watxap bidez egiten dira. Astelenean asteko menua bidaltzen dute eta horrela aukeratu dezakezu. Jende ez-begano askok eskatzen omen dute sanoa delako eta horregatik menu normala edo light dago aukeratzeko. Lengo asteko eta aste honetako karta atxikituko ditut ikusteko. Beganoentzako nota, hemen denek ezagutzen dute happycow, beraz hor bilatu behar da non jan.
Janaria alde batera utzita, ostiralean hemen record guinness bat egin zen eta guk parte hartu genuen. Ordu bat egon ginen gure eskuekin papera pintatzen. Eskuekin aztarnak eginez kolore ezberdinez koral bat marraztu genuen. Goizean ikastoletako milaka ume elkartu ziren eta 7km neurtzen zuen marrazkia egin zuten, baina horrek ez zueb rekorreako balio. Arratsaldean hasi ziren serio marrazten. Marrazki berdina egin behar zen, diseinu bakarrekoa. Beraz oso motel zihoan dena. Guk 18;00tatik 19;00ak arte lagun genuen eta oraindik 300m bakarrik zeramatzaten. Azkenik gaueko 4tan lortu zuten helburua; 1198m. Aurreko errekorra 1km batekoa zen. Saiatu naiz baina ez dut sarean marrazkiaren argazkirik lortu, pena pso simple ta polita zen. Errekorraren kontu hau dena protesta baten barruan dago. Hiri honetan ez dago kultur ekintzak garatzeko, bultzatzeko, erakusteko lekurik eta kultur talde batek udalari presioa egiteko erabili du guinness. Antzoki bat eskatzen dute. Ea lortzen duten, merezi dute.
Gaur Mate enpresa batean egon gara. Prozesu osoa esplikatu digute. Hemengo neguan biltzen da, aire beroko tximiniak erabiliz tita batean erdi leortzen da eta lehen aldiz errotatik pasatzen dute. Zati handitan utziaz. Ondoren 12-24 hilabetez jasotzen da, hemen ere ardoa bezala, denbora gehiago utziz kalitate obeagoa. Eta azkenik errotan guztiz txikitu eta ontziratzen da. Saltzeko prest.
Argentina, Brasil eta Uruguayn matea ur beroarekin hartzen da baina Paraguayn ur hotzarekin eta TERERE deitzen diote. Hemengo beroakin ezin obeto sartzen da. Ke bizio! Gaur oparitu dizkiguten muestrekin matera erostekotan gaude. Kosta zaio baina azkenean gu ere erori gara matearen atzaparretan.
Ahhh.. Kanping berria erosi dugu. Ea honek gehiago irauten digun. Aurrekoa bigarren eskukoa erosi genuen eta aurreko jabeak akabatua utzi zuen.
Besarkadak eta muxuak!

PD: Naiara, zu Argentinako Chacoan egon zinen eta gu Paraguayko Chacoaz ari ginen. Bolibian ere badago Chaco zati bat. Eskerrik asko!

2016(e)ko azaroaren 10(a), osteguna

Barkatu, La Colmenarako busa?

Horrela hasi zen hiru egun iraun dituen elkarrizketa. Bai, hiru egun.
- La Colmenara doan busa? Laxter dator?
- Bai, 30 minutu barru.
- Eskerrik asko!
Exeri ginen ondoko bankuan eta busaren zai geratu ginen.
- Barkatu berriz, duda daukagu nora joan, Acahay edo La Colmenara. Zein gomendatzen diguzue?
- Ni Acahaykoa naiz eta ze esango dizuet.
- Guk ere Acahay nahiago genuen baina hospedajekoak esan digute ez dagoela lo egiteko aukerarik herrian.
- Hori egia da.
- Orduan, La Colmenara goaz ta lixto. Eskerrik asko!
Berriz bankuan eseri ta busaren zai geratu ginen.
- Hemen datorren bus hau hartu behar duzue.
- Eskerrik asko. Pena zure herria ez ezagutzea.
- Nire etxean lo egin dezakezue nahi izan ezkero, baina ez dut uste nahiko duzuenik.
- NOSKI BAIETZ. Zihur zaude?
- Bai bai etorri lasai
- Oso ondo. Eskerrik asko! - Busera igo ginen - Bi Acahayra.
Horrela ezagutu genuen Miriam. Paraguayko pertsonarik jatorrena. Bere etxean egon gara hiru egun. Hasieran gau bakarra izan behar zuen.
Sei seme-alaben ama. Bi gizonek abandonatua. Bakarrik familia aurrera atera duena eta jarraitzen duena. Alaba zaharrenak 35 eta gazteenak 12 urte. Alaba zaharrena Madriden bizi da eta bertako lanetik hilabetero bidaltzen dituen 100€ak familia salbatzen du. Amak ez du lanik egiten etxetik kanpora. Etxean ez da geldirik egoten.
Familiak bete-betean onartu gintuzten eta 24 orduak elkarrekin igaro genituen. Paraguayen famili bat daukagula esateraino. Guarania ikasi dugu. Bertako sukaldaritza. Piqui Volley jokoan jolasten.
Guk paella egin genien lehen gauean eta patata tortilla bigarrenean.
Azkenean ez dugu La Colmena ezagutu baina ez zaigu axola.
Bertatik Villaricara joan behar genuen baina bezperan albistegian ikusi genuen garagardo azoka hasi berria zela. 20mila pertsonako Oktoberfest bat. Hotelak gainezka omen daude aste osoan. Ke librada! Mapa hartu eta bidaia aldatzera. Plan berria Villa Florida herria.
Iritsi ginen eta herriko hospedaje,  hotel, etxe partikular guztietan galdetu genuen eta dena oso garesti. Turismo aberatsa ibiltzen da nonbait. Berriz karreterara eta lehenengo busean Encarnacionera. Paraguayko hego hegoan gaude. Argentina ikusten da Parana errekaren bestaldean. Hemen bost egun geratzeko asmoa dugu. Hiria ikusi, ondoko herriak bixitatu ( ez goaz jesuiten ruinak ikustera. Sentitzen dut izeba)

Paraguayn ia bi aste daramazkigu eta beste bat gutxienez geratuko gara. Oso gustura gabiltza. Bero gehiegi egiten duen arren dagoeneko guretzako (34-38 gradu egunero) eta uda ez da iritsi oraindik. Iparraldera (Chaco) joan nahi genuen baina hemengo beroa ikusita. ... Abortar mision! Iparraldean ia ez da inor bizi, oso baldintza gogorrak dira bertakoak. Ezetz asmatu zeintzuk bidali zituzten bertara? eta gaur egun bertan sufritzen jarraitzen dute. Hemengo indigenak. Hemen kriston diskriminazioa jasaten dute, oso gaizki tratatzen dituzte.
Beno... Besarkadak denontzat, gaurkoak bero-beroak doaz!

2016(e)ko azaroaren 5(a), larunbata

Zibilizazioan berriz

Kaixo denoi!
Bukatu dia oihaneko abenturak. Baserritar bizitza ez da guretzako. Goizeko 6tan esnatu eta 8tako lotara. Eguzkiaren erritmora. Lan asko egin dugu (gehixko gure ustez) baina jan ere proportzioan egin dugu, beraz ezin kejatu. Pena bikoteak ez dakiela aisialdi uneak gozatzen, esnatu-lana-jan-lana-dutxatu-afaldu-lotara. Egunero eskema berdina. Ezin esan gozatu dugunik baina gaizki ere ez dugu pasa. Unerik oberena platanoak landatzea izan zen. Bakoitzak berea. Argazkitan ikusiko dituzue landare erraldoiak. Kuriositate moduan, platanoa ez da zuhaitz bat, belar bat omen da. Fruitua eman ondoren hiltzen da, lehenago bere klon batzuk utzirik inguruan. Klon hauek landatu genituen.
Orain Carapeguan gaude. Uste dut hemen urtean lau turista pasatzen direla, denak begiratzen gaituzte arriturik. Ea lanera etorri garen galdetu digute pare batek. Hemen Suhaziren antzeko taberna aurkitu dugu eta bertan bazkaltzen dugu egunero. Menua 10000 guarany (1,66€).
Bihar mugitzen gara Acahay edo La Colmena herrira.
Besarkadak!
PD: Liatzeko tabakorik ez dugu aurkitu herrialdean baina tabakoa osorik saltzen dute. Txikituta erretzeko edo mastikatua. Eskuan daukadan hori 250gr dira. Detaile txikia ondoren etorri zen. EZ DAGO ERRETZEKO PAPERIK! Puroak egin behar dira eta dena hausten zaigu.
PD: IZEBA: Permakultura zer den Naiarak esplikatuko dizu oso ondo. Galdetu berari.

2016(e)ko azaroaren 2(a), asteazkena

Oihanean permakultura lantzen

Yeup denoi!
Bost egun oihanean. Kostako zait, bizipen hau, hitzez bakarrik deskribatzea baina hemengo sare konexioari ezin zaio gehiago eskatu. Pseudo-wifia edukitzea luxu bat da dagoeneko. (zuhaitz baten tontorrean mobil bat plastikozko kaxa baten barruan. Argindar kable batekin ez itzaltzeko)
Has gaitezen!
Larunbatean Puerto Iguazutik Ciudad del Estera joan ginen, badaezpada denbora askorekin. Hemengo poliziak oso oso oso korruptuak dira eta aduanan gauzak lapurtzea ohikoa omen da. Beldur pixkatekin joan ginen, ez dugu ezer baliozkorik motxilan baina auskalo. Gure kasuan aduanan bi minutu igaro genituen, seilua jartzeko kolan. Motxila ez ziguten begiratu.
7 ordu busean igaro eta karreterako gurutze batean jeitsi ginen, Yeguarizo - Cruze Cantera. Bertatik 3 kmra dago etxea. Iluntzear zegoen eta akojonatzen hasita geunden ea galduko ginen. Mirariz (artzai ebanjelistari esker, seuro!) kotxe bat zegoen gurutzean eta gure etxe berdinera zihoazen. Kotxez egin genuen bidaia eta egun argiz ezagutu genuen gure etxea izaten ari den 10 hektareako oihan zatia. Bikoteak hemen urtebete darama bizitzen eta oraindik gauza asko falta zaizkie eraikitzeko. Gure kanpina jartzeko "partzela" txiki bat daukate etxetik 100m-ra. Ez da etxea ikusteb bertatik eta oihanean bakarrik gaudela ematen du. Zirraragarria benetan! Ea argazkiak igotzen ditudan hurrengoan.  Bikoteak permakultura bultzatzen du eta horregatik ia terreno osoak oihan bezala jarraitzen du. Fruituindoz betetzen ari dira eta baratz txiki bat ere badute.
Tximeleta pila bat, tximuak, intsektuak nonahi,... Bioi mozkitoek odol hustu gaituzte.
Etxea egiten jarraitzen dute eta horretan lagundu diegu, peoi moduan.
Argindarra badute baina besterik ez. Ura euritik hartzen dute. Teilatuko desaguea deposito batera bideratuaz.
Atzo gauean ekaitza izan genuen eta kanpina ondatua dugunez euria sartzen hasi zitzaigun. Korrika dena jaso eta beraien etxera. Bertan igaro dugu gaua. Eskerrak!
Ostiralean bagoaz, Paraguay ezagutzera. Hemen ia ez dago turismorik, ea nola moldatzen garen.
Besarkadak paradisu begano honetatik!